Arantzako aparkalekutik abiatuko gara (265) eta, udaletxea eta eliza atzean utzita, Aientsa auzora doan galtzada hartuko dugu. Arruazpiko zubitik zeharkatuko dugu Arrata errekastoa, eta ezkerrera egingo dugu gorantz doan galtzada harriztatutik. Bustia dagoenean oso labainkorra da, eta horregatik jaitsi ginen aurrekoan beste aldetik, handik arazo gutxiago izaten dira eta.
Igoera horretatik Aientsa auzora iritsiko gara, bidean Ostolo eta Etxeberri baserrietatik pasatu eta gero. Puntu horretan, auzoko baserri guztiak lotzen dituen asfaltozko pista bat hartuko dugu.
Gure etapan, beste bi baserriren aurretik pasatuko gara (Arostegiko borda eta Usarieneko borda) eta, apur bat aurrerago, asfaltoa amaitu eta lurrezko bihurtuko da gure pista. Puntu horretatik aurrera, Oiargaratako bidea izena hartzen du, eta izen bereko lepoan amaitzen da (654). Inguru horretan, ehiztarien etxola ugari daude.
Eskuinera egin behar da gora egiten duen bidexka batetik. Gailur-lerro guztia alderik alde zeharkatuko dugu, eta Baratxar (741), Botota (801) eta Izu (828) tontorretatik pasatuko. Azken hori da gailurreria guztiko punturik garaiena. Gailur-lerroan aurrera egingo dugu, Butxi inguruan, eta behera egiten hasiko gara Amekorrun lepora iristean (667).
Arantza, Lesaka eta Artikutzaren arteko muga ingurua da hau. Lesaka eta Artikutzaren arteko muga markatzen duen gailurrerian aurrera jarraituko dugu, Pagoieta tontorretik (687) pasatuko gara, eta lepora jaitsiko gara. Ehiztari-borda batetik pasatuko gara, Almendruitzera (705) igo eta Enubietako lepora jaitsiko gara, eta Elutsa izeneko inguru batera iritsiko gara. Bertan ehiztari-borda bat eta Lesakara jaisteko bidea daude, bai eta iturri bat ere. Gailur-lerroan aurrera jarraituko dugu, Bidango gainera (781) igoko gara eta Burnaiztegiko leporaino jarraituko dugu (715).
Hortxe hasten da Bianditzeko igoera. Galtzarrietatik (821) pasatuko gara Bianditzera (843) iritsi aurretik. Apur bat aurrerago Arritxuligaina dago, Lesaka, Artikutza eta Oiartzunen lurrek bat egiten duten puntua. Artikutzako muga utzita, behera egiten hasiko gara, eta amaitzeko etaparen azken igoera dugu aurrean, Errengakoa (786). Bertatik Lesaka eta Oiartzunen arteko muga egiten duen gailur-mugatik jarraituko dugu Aritxulegi aldera, Arritxuloko aterpetxean amaitu arte.