DISTANTZIA: 18,7 km
DESNIBELA: + 1000 m / -660 m.
DENBORA: 6 or. 30´
Hernani eta Goizueta lotzen dituen errepidearen ondoan hasten da etapa, Aranoko Irakurri Poligonoaren parean (86), bere garaian Cervezas El León fabrika izan zen.
Hernani eta Aranoren arteko mugan dagoen Naparralde baserritik abiatuta, metalezko bi ate zeharkatuko ditugu, eta gorantz egingo dugu, bi probintzien arteko muga markatzen duen gailurreriaren bila.
Zenbait unetan desnibela haundiarekin Garagartzara (671) iritsiko gara, bost kilometro egin ondoren.
Bertatik, inguruko mendi eta herrien bista ederrak ikusten dira: Adarra, Urdaburu, Donostia, Aiako Harria, Arano, Larun, Mendaur.
Etapa honetan zenbait herritako lurrak joko ditugu: Arano, Goizueta, Leitza Nafarroa aldean, eta Hernani, Elduain eta Berastegi Gipuzkoan.
Nafarroarekin muga egiten duen mendilerroari jarraitu, Unameneko ataka (763), Unamuno (881), eta Leuneta (881) igaro, eta Abadekurutz /Baratzarreta igoeraren hasierara iritsiko gara.
Lehen 10 km horiek 850 metro inguruko desnibela dute. Hurrengo 7 km etan malda behera da ia bide guztia, Plazaolako bide berdera iritsi arte, eta azken biak lauak dira ia osoki.
Puntu horretatik, Baratzarreta (982), Mandoegi (1045), Urepel (1057) eta Altzadi (1015) gailurrek Nafarroarekin muga egiten jarraitzen dute, eta bertatik inguruaren ikuspegi ederrak ikusten dira; baina desnibel asko pilatzen da gailur guztietara igota, eta albotik pasatuko ditugu, Gipuzkoako aldetik aurreneko hirurak, eta Nafarroako partetik azkena, desnibel oso gutxiko bidexkak hartuta.
Leitzako lurretan jada, ibilbideko lehen bordara jaitsiko gara: Olasoko borda (730); apur bat beherako iturri baten ondotik pasatuko gara eta, ondoren, Urkizuko aterpetik. Harrizko bide bat hartuko dugu, Urkizuko zentral zaharreko kanala gurutzatuko dugu eta Plazaolako geltoki zaharrera helduko gara. Leitzaran ibaia zeharkatuta, haren ondotik doan pista hartuko dugu, eta Berastegiko lurretan sartuko gara. Pista horretatik iritsiko gara Urtoko Zubietako jolasgunera, hots, etaparen amaierara.