Azken etapara iritsi gara. Aldi berean, hiri- eta landa-eremuak. Ibilbide gehiena asfalto gainean egingo bada ere, ikusi ahal izango ditugun paisaien aniztasunak konpentsatuko du. Ibilbideak Zaldibiatik Idiazabalera eramango gaitu, Ordizia, Beasain eta Olaberria zeharkatuz. Zaldibiatik irtengo gara eta malda handi baten ondoren Lazkaomendiko bidea utzi eta Oiangu parkea igaro eta gero Ordiziara iritsiko gara. Ordizia eta Beasain zeharkatu eta gero Igartzako monumentu multzoa topatuko dugu. Oso leku interesgarria eta ederra. Besteak beste, ermita, dolarea, burdinola eta errota bat dago. Era berean, inguru horretan 1936an faxistek fusilatutako beasaindarren omenezko monumentu bat dago. Horien artean Luis Ibañez de Opakua Lartzabal irundarraren izena dago. XVII mendeko zubia gurutzatu ondoren Olaberrirantz joko dugu, trenbidea eta autobidea zeharkatuz. Jaitsiera gogor baten ondoren Idiazabalera iritsiko gara, “Gaztaren ibilibidea”-ren hasiera eta amaiera. Bazkaria Pilarenea jatetxean izango da.