Bortziri itzuliko 8. eta azken etapa hau Arritxuloko aterpetxeko parkingetik hasiko dugu (420).
Atzealdeko eskaileretatik, Oiartzun – Lesaka banatzen dituen gailurreriaraino igoko gara, Aritxulegiko muinoraino (500).
Bortzirietako muga Aiako Harrietako hiru tontorretatik doa –Erroilbide (836), Txurrumurru (826) eta Irumugarrieta (809)–, baina ibilbidea oso arriskutsua da, eta ondo prestatuta egon behar da.
Alternatiba gisa, xendra-pista bat hartu, eta Aiako Harriak gure ezkerretara utziko ditugu. Hasieran, Aialde jatetxera jaitsiko gara, eta, ondoren, San Antongo urtegira (247).
Urtegiaren goialdea zeharkatu eta GR 11 hartuko dugu, ermitaren eta Olaberri jatetxearen parean, eta pistatik igo beharrean, xendra batetik joango gara Tellegiko mendi-leporaino (418).
Hor, Kopako Harria gailurrera igotzeko aukera izango da (596): izugarrizko bistak daude urtegi aldera eta Lesakaren eta Irunen arteko muga inguruko mendietarantz.
Joan-etorri hori 1,4 km-koa da, eta 178 metroko desnibela du.
Itzuleran, mendi-lepotik, Telleri baserriraino jarraituko dugu, eta ezkerretara hartu eta Telletxeko Borda, Berreu eta Lantzen Borda (397) baserrietatik igaroko gara. Lesakako Auzoberri auzokoak dira hirurak.
Pista batetik, aldapa behera luzea egingo dugu sigi-saga, eta panoramika ederrak ikusiko ditugu: Aiako Harriak, Erlaitz, Bidasoa ibaia… Azkenik, Endarlatsako bidegorrian (15) amaituko dugu.
Lesaka, Bera eta Irunen arteko muga den horretan itxiko da Bortziri Itzuliko zortzi etapetako ziklo osoa, guztira ia 150 km eginda.
Etapa hau motz samar geratu denez, puntu horretan beste bost kilometro luzatu ditugu, ia dena laua, Bidasoko bide berdetik barrena (Tren Txikito izenez ezagunagoa), hainbat tuneletatik pasatuz (linterna edo mugikorraren argia eraman), eta Zalain Zoko auzoa igarota, Lesakako Alkaiaga auzoko pilotalekuan amaituko dugu (39).