2. Etapa honetan, Mirandaolako burdinolatik abiatuko gara eta berehala Telleriarte auzo ederrera iritsiko gara. Bertan garai batean izandako burdinolen aztarnak topatuko ditugu. Brinkola igaro ondotik Barrendiolako urtegia zeharkatuko dugu eta Jandoaingo etxola ikusgarrien ondotik pasatuko gara. Etapako igoera gogorrenaren aurrean gaude, Biozkorna leporaino. Puntu honetatik pixka bat ezkerretara desbideratuz, harrizko “Erreginaren aulkia” izenekoa dago. Eskuinetara Aloña mendizerra dugu. Hortik jaisten hasiko gara eta Eskista aterpetxoa eta Duru etxolaren ondotik igaroz Arantzatzura iritsiko gara eta han bertan bazkaldu, “Sindika” jatetxean. Arantzazun bertan, “Misterio” esaten zaion lekuan, gurbitza bat landatu dute hil berri den Pello Zabalaren omenez, bere hitz batzuk lagundurik. Eguraldiak laguntzen badigu, paisaia zoragarriez gozatu ahal izango dugu.