Berrizaunen hasiko dugu etapa, tren txikitoaren bide berdea hartuta. Ibaian gora ibiliko gara 2 km, bide berdea utzi eta Oianberri mendira igotzen den pista hartuko dugu. Igoeran, Basataundiko zubia eta tunela ikusiko ditugu N-121 errepidean, bai eta XX. mende hasierako San Luis eta San Juan meategien sarrerak ere.
Pistatik gora igoko gara eta Oianberri tontorrera bitarteko desnibeleko azken 150 metroak bidexka batetik egingo ditugu.
Igantzi eta Sunbilla arteko muga osatzen duen gailur-lerroan gaude. Hortik aurrera jarraituta, Uberegi (644) eta Apaola/Abelu (682) tontorretatik pasatuko gara eta Igantzi, Sunbilla eta Arantza herrien arteko mugarrira (598) iritsiko gara.
Gailur-lerroa aurrera jarraituko dugu eta Urkidi (625) gailurra gure ezkerretara utziko dugu, Sunbillako lurretan. Itxoltxar gainera (566) iristean, gailur-lerroa eta Sunbillako muga utziko ditugu eta Bordalarrea auzorantz jaitsiko gara. Zabaleta baserria atzean utzi eta gero, Arantzako errepidera doan bide apur bat itxuragabetua hartuko dugu. Ehun metro beherako errepidea utzi eta Aranibar jauregira iritsiko gara (Erdi Aroko eraikina) eta Arantza eta Igantzi arteko bide zaharra hartuko dugu. Aurrera eginda, San Juan Xar leize-ermitara iritsiko gara.
Sineskerien arabera, bertako iturrietako urak azaleko gaitzak sendatzen zituen. Eremu hau natura-erreserba da 1987tik, iberiar penintsulako xarma (Carpinus betulus) baso natural bakarra bertan hazten da eta.
San Juan Xar atzean utzi eta aurrera jarraituko dugu, errepide gainetik joango gara une oro, Igantziko harrobiko sarrerara iritsi arte.
Errepidea zeharkatu eta gorantz doan galtzada hartuta, Igantzira (208) iritsiko gara. Bortziri Itzuli honetan etapa hasiera edo amaierarik gabeko herri bakarra izango da Igantzi.
Herria zeharkatu eta Frain auzorako bidea hartuko dugu, mendia inguratu eta Lesakako lurretan sartuko gara, eta jaitsiera luze baten ondoren herrira iritsi, herrigunea zeharkatu eta etapa amaituko dugu futbol-zelaiaren ondoan