Arantza eta Aritxulegi arteko distantzia ikusita, ibilbide hau bi etapatan zatitu dugu. Lehenengo etapa zirkularra da.
Arantzatik (262) abiatuta, hilerri ingurutik gora egingo dugu Bulatxikiko leporaino (566), aurreko etapan Sunbillarekin utzi genituen mugen bila, eta gailur-lerroa hartuta Zipuru/Gurutzeko gaina (725) eta Mairubaratzeta (851) atzean utzi eta Mendieder (1073) tontorrera iritsiko gara, Arantza Sunbilla – Ituren arteko banalerroan gaude.
Parean, inguruko mendirik ezagunena dugu, Mendaur, eta, horren tontorrean, Trinitateko ermita, biak Iturengo lurretan.
Gailur-lerroan behera bi kilometro egingo ditugu eta Arantza – Ituren – Zubieta mugatzen ditu mugarrira helduko gara. Bultako gainera (1044) igotzen hasiko gara eta, ondoren, Ekaitzara (1045). Behin tontorrera iritsi, Aranegietako lepoko ehiza-postuen aldetik jaitsiko gara, Arantza – Zubieta – Goizueta mugarriraino (1013). Loitzatera doan gailur-lerroa ezkerretara utzita, Ibintza/Komizko gainera (1039) igoko gara.
Gerasuko Atakatik Negusoro eta Soragetan barrena Arantzara jaisteko ohiko bideari muzin eginez, gailur-lerroan aurrera jarraituko dugu beste 1,6 km, Arantza eta Goizueta mugarriraino (936) iritsi arte, Beltzuntza inguruan. Bide guztian Arantzako bista ederrak izango ditugu begien aurrean.
Zuzen jaitsiko gara, biderik izan ez arren ibiltzeko modukoa den eremutik, 794 m-ko altuerara iritsi arte. Han, muga atzean utzi eta mendia inguratzen duen bide zahar polit bat hartuta, Mosa erreka zeharkatuko dugu eta Oiargarata lepora (654) iritsiko gara. Eremu horretan ehiztarien txabola ugari dago. Puntu horretan, Izuko igoera hurrengo etaparako utzita, Arantzara itzuliko gara.
Aientsa auzorantz jaisten den pista hartuko dugu barreiatutako baserrien artean eta harrizko galtzadara iritsiko gara (euri egunetan labainkor egoten da). Handik, Sagarrondoko errekara jaitsiko gara eta Arruzpiko zubia (160) gurutzatuko dugu. Arantzako bidean doan galtzada hartuko dugu, herria zeharkatu, eta etapari amaiera emango diogu aparkalekuan.