Goian adierazten den bezala, bi aukera daude etapa honetan.
Etapa Ibardinen hasten da (317). Bera eta Urruñaren arteko 13. mugarrian gaude; 15. mugarrira igo eta Erentzazuko gailur apalera joango gara (422). Handik, aldapa behera gogor batetik, Intzolako bentara iritsiko gara, eta 150 metro beherago, Sagasti errekaren alde batean eta bestean, 18. eta 19. mugarriak aurkituko ditugu; 132 m-ko desnibelean gaude. Metro horiek errekaren kontrako aldetik egingo ditugu atzera, eta xendra batean gora abiatuko gara Azkaineko lurretan, eta Deskargahandiko lepora iritsiko gara (276).
Larhunera igotzeko gailurrerian gaude; goraxeago, Yasola bentara iritsiko gara, 21. mugarria. Aldapa gogor batean gora jarraituko dugu, Subizia /Sugizeaga tontorrera iritsi arte (563).
Tontorrera igo ondoren, ehun bat metro egingo dugu atzera, eta gailurrerian gora jarraituko dugu, Larhun Txikira iritsi arte (700). Aurreraxeago, Zizkuitz lepora iritsiko gara (678), 23. mugarria. Han, aukera dago Larhunera bertikalean igotzeko; hori ausartenentzat utziko dugu; gainerakook pistatik jarraituko dugu, tontorrera iritsi arte (900).
Tontorretik laurehun bat metro itzuli, eta Lizuñagarantz jaitsiko gara, Pilotalekugaña aldetik, Berako eta Sara arteko 25. eta 26. mugarriak, eta, handik, jaitsiera handi bat hasiko dugu Kondendiaga leporaino (315). Igoera eta jaitsiera txiki batzuetan barrena, Lizuñagara iritsiko gara (220).
Han, laburra egin nahi dutenek Berara doan errepidea hartuko dute, eta 450 metrora egongo da autobusa, herriraino jaisteko.
Etapa Beran amaitzeko aukerak Lizarietara igotzen den pistatik jarraitzen du, tiro-zelaitik pasatuz. Pista hori bidegurutze batean utzi eta Idoia lepora joko dugu (268). Handik, Suspela auzotik jaisten hasiko gara, Berara joateko, eta Toki Ona Institutoaren ondoko aparkalekuan amaituko dugu etapa.