Autobusak maniobrak egin ahal izateko, etapa Lizuñaga gaina baino 600 metro lehenagoko piknik-eremuan hasiko da.
Gainean, Lizarietara doan pista hartuko dugu. Handik gutxira, pista hori utzi, eta Bera eta Sara banatzen dituzten mugarrietara joango gara.
Mugan, 320 metroko desnibeleko igoera handi bat hasiko dugu, 38. eta 39. mugarrien artean, eta Lepo Haundira iritsiko gara (601). Bera, Sara eta Etxalar banatzen ditu lepo horrek.
Lizarietako gainera jaitsiko gara (442), eta gailurreria osoan barrena jarraituko dugu, 44. mugarritik 56.eraino (Etxalar eta Sararen arteko muga).
Igo eta jaitsi ibiliko gara etengabe, eta Idoetako gaina (511), Usategieta (452), Gaztainlepo (491), Lakain (497), Nabarlats (524) eta Iguzki gaina (526) zeharkatuko ditugu. 54. mugarriaren parean, bide bat hartuko dugu Sarako lurretan, eta 56. mugarrira, Hirumugako lepora, iritsiko gara (521). Etxalar, Sara eta Baztan banatzen ditu mugarriak.
Pistatik jarraituko dugu, Baztango mugatik hurbil, eta Etxalarreko, Ezkurregigaraiko eta Obeneko azken baserrietara iritsiko gara.
Eremu horretan, Baztanekiko muga utzi eta Etxalar herrirantz joango gara. Pista bat hartuko dugu, eta, gero, xendra bat, Saioberri baserrira joateko, eta, ondoren, Etxalar-Zugarramurdi errepidera irtengo gara, Urtsumiatsa izeneko lekuan (538). Hor hasiko da hurrengo etapa.
Leku horretan, Irazako lepotik (579) igotzen den Gr-11 pista hartuko dugu, eta hortik, beheraka joango gara Etxalarreraino.
Olako bordaren parean, Gr-11 alde batera utzita, xendra bat hartuko dugu Orizki gaina inguratuko duen larre baten itxituraren ondoan, eta zenbait xendra hartuta, Artzain baserrira iritsiko gara, eta pixka bat aurrerago Gartxieneko bordara. Xendratik jaitsiko gara Zugarramurdiko errepidera, eta eskuineko bidetik jarraituko dugu, Tximista erreka gurutzatu gabe, Antsolokueta auzora iritsi arte. Tximista errekako presa igaro ondoren, Sarako errepidera atera eta Etxalarreko erdigunera iritsiko gara (100).
Herriaren irteeran, parking inguruan, amaitzen da etapa.