Etapa Urtsumiatsan (538) hasten da, Etxalar eta Zugarramurdi arteko errepidean.
Hasiera batean, GR 11 hartuko dugu, eta kilometro bat egin ondoren, hura utzi, eta Zamateluko Gaina inguratuko dugu, Lekunberriko borden ondotik pasatuta. Baztango Lekaroz herriko Orabidea auzoarekin muga egiten dute. Mendabio eta Bagolea tontorrak aurrean ditugula, pistatik jarraituko dugu, eta aurrerago, Baztanen Bordara iritsiko gara (366).
Baserria pasatuta, pagadi batetik igarotzen den beheranzko bide erdi galdu bat hartuko dugu eta Tximista Errekan (211) utziko gaitu.
Zubia zeharkatu eta Erroitegi bordara (262) igoko gara eta Mokorreko bordara (320) daraman pista hartuko dugu. Handik gertu dago Etxeberrigaraiko borda, aurrerago Bagoleko borda (417). Bidean aurrera jarraituko dugu Bagolea mendia inguratuz eta Bertizko jaurerrian sartuko gara. Azkenik, ia desagertuta dagoen bidexka batetik pendiz gogorrean gora igoko gara Aizkolegiko jauregira (831) daraman pistaraino.
Jauregitik 300 bat metro atzera egin eta eroritako zenbait zuhaitzek oztopatutako bide bat hartuko dugu. Hortik iritsiko gara Paretazarrera (802), Bertizko jaurerriaren mugetan.
Aurrera egingo dugu Etxalar eta Sunbilla arteko gailur-lerroan, eta etengabe gora eta behera eginez Paretazarreta (778), Barda (810), Arranokamaineta (752) eta Azkua (785) tontorretatik pasatuko gara.
Azkuatik, Etxalarko herrigunearen eta Bidasoa ibaiaren inguruaren bista ederrak aurkeztuko zaizkigu begien aurrean.
Gailur-lerroan aurrera eginda, Kokorira (734) iritsiko gara eta, apur bat aurrerago, Etxalar eta Igantzi arteko muga egiten duen gailur-lerrora.
Guantxeko Borda parean ezkerrera hartu eta Igantziko udal-mugartean sartuko gara. Hainbat zuhaitz mota dituzten pistetatik, Bidasoa ibaira, N-121era eta atzealdean Igantzi herrira begira, Berrizaunera jaitsiko gara etapari amaiera emanez.