Autobusak NA-2410 errepideko geltokian utziko gaitu, Irurtzunen sartu aurretik.
NA-7502tik igoko gara 0,678 km, Etxeberri herrira iritsi arte (498 m). Bertan hasten da GR 20 ibilbidea.
Herriaren goiko aldean, hilerrira doan pista hartuta, GR 20aren informazio-panelak topatuko ditugu. – Etapa honetan Arakil ibarretik Larraun ibarrera pasatuko gara.
Beraz, Aralar mendilerroaren ekialdera hurbilduko gara. Lehen zatian, altuera irabaziko dugu, Aixitako tontorrera iritsi arte (Biaizperen gaineko haitza). Ondoren, autobide gaineko magal batera iritsiko gara, eta Larraun ibaiaren bista ederrak dituen begiratoki batera helduko. Aurrerago, metalezko ate bat gaindituta, konpontzen ari diren baserri batera iritsiko gara (Maitzeneko borda), Arrate deritzan eremuan (754 m). Orientatzeko taula batzuen ondoan, Goldaratzeko bidegurutzera doan pistatik (Legarre, 721 m), altuera hartuko dugu berriro ere, Pagardi inguruko pagadi batean sartuta (807 m). Miroin (769 m) izeneko eremuan irtengo gara basotik, eta jaisten jarraituko.
Akelar izeneko leizearen eta trikuharriaren ondotik pasatuko gara eta Alli herrira doan pista eskuinean utziko dugu, Ilbar deritzan eremuan dagoen bidegurutzean (643 m). Handik, dolina batean beheraino jaitsita, Larraun ibaiaren ibilgu txikia gurutzatuko dugu, eta Iribas herriraino igoko gara (621 m). Hemen bideak bat egiten du Euskal Herriko itzuliarekin (GR 20) eta ibilbide laburreko zenbait biderekin eta herri inguruko bidexka batzuekin. (Etapa laburraren amaiera).
GR 20aren orientazio-taularen ondoan jarrita, Iribas mendebaldetik jaitsiko gara. Herritik irten ostean, zelai artean doan pista batean aurrera egingo dugu eta, harizti txiki bat atzean utzita, Baraibarrera iritsiko gara (635 m). Aralarko San Migelera igotzen den NA-7510 errepidea zeharkatuko dugu eta, frontoiaren eta elizaren artean pasatuta, zubi baten azpitik, Arruelgo askaren ondotik aurrera egingo dugu Albiasurantz.
Azolagañaraino jarraituko dugu (640 m), pista nagusitik irten gabe, Aldapa deritzan eremura iritsi arte. Ezkerretik igotzen den errepidea utziko dugu, bi etxeren artean pasatuko gara eta Albiasura iritsiko gara (610 m), Aralarren Kantauri isurialdean sartuta. (Etapa luzearen amaiera)