EZAUGARRIAK:
DISTANTZIA:21 km.
DESNIBELA:+ 1.109 m / – 812 m
DENBORA:6 or. 30´- 6 or. 45´
Arrasateko Gesalibar auzotik aterako gara (254); Atxabalpe futbol zelaiaren eta San Juan de Dios ospitalearen ondotik. Enaketa eta Mendiguren baserrietarantz joateko bidea hartuko dugu, eta gero Murugain mendiaren ertzetik Gipuzkoa eta Araba arteko mugara (Arrasate – Aramaio) iritsiko gara, Iturritxueta iturriaren ondora. 2,6 km.
Hurrengo 15 kilometroak Aramaioko udal-barrutian egingo ditugu. Suña (460) eta Untzila (494) izeneko auzo koxkorretatik igaroko gara eta pistaz Asentsiomendi (681) mendiaren gailurrentzat igoko gara. 7,1 km.
Burdinezko gurutzea eta guzti duen tontor honetatik bista ederrak dauzkagu ekialdetik Leintz aldera eta Gipuzkoako Aretxabaleta eta Eskoriatza herrietako leku batzuetara, eta ipar-mendebaldetik Anboto eta aurreko etapan egin genuen Orixol aldera.
Gailur-lerroari segituz erdi utzia dagoen aterpe batetik eta San Adriango ermitatik igaroko gara (674) 8,8 km.
Leku horretatik 135 metroko desnibela gainditu beharko dugu Durakogain (814) mendiaren tontorrera iristeko. Beherakoan Kurtzeta mendatera (690) iritsiko gara 10,5 km.
Errepidera atera gabe pista bat hartuko dugu, eta hiru kilometroan egoera kaxkarrean dagoen pista batetik ibiliko gara batzuetan, eta beste batzuetan orbelez betetako pagadi ederretatik eta ia galduak dauden bideetatik; horregatik, oso erne eta taldean joatea komeni da, ez galtzeko. Basotik ateratzen garenean, goi mendiko belardi batean barrena, 70 metroko desnibela gaindituz, Jarindo mendiaren (896) gailur eder eta garbira helduko gara, 15,4 km.
Paraje horretatik ikusten diren bistak ikusgarriak dira; Albina eta Urrunagako urtegiak, Anboto eta Durangaldeko mendiak, Gorbeia, Udalatx eta horrela 360º-en buelta osoan.
Aurrera joanez Maroto (865) eta Makillakorta (830) mendien artean pasatu eta Isuskitza (801) mendixkaraino iritsiko gara, gerra zibilan sekulako borrokak egin ziren tokiraino, alegia.
Leku horretatik, aldapa gogor batean beherantz, Arratzua-Ubarrundia udalerriko Landa Kontzejura (550) helduko gara. 21 km.