Trantsiziozko etapa, laburra eta erraza. Aretan (Laudio) hasiko gara, tren-geltokiaren ondoan dagoen parkinean. Geltoki eta Gasteiz kaleetatik jarraituko dugu; trenbideko eta A-625 errepideko zubien azpitik igaroko gara, eta Anuntzibaiko San Migel baselizaren ondotik. Orain, bidegorri batetik, A-2522 errepidea gurutzatu behar dugun lekuraino iritsiko gara (trafiko dezente). Neurri egokiak hartuko ditugu, gurutzatzeko. (122m.) 1,1 Km.
Errepidearen bestaldean, pista batetik igoko gara, eta Zabalaberrio eta Berrio baserrietatik pasako gara, eta aurreraxeago Gurpidetik eta Arangurenetik, “Larrea eta Aranguti” orientazio-oholtxo batzuk dituen errepide-bidegurutze batera irteteko. (259m.) 3,2 Km.
Ezkerretara, Asudio baserriaren ondoan jarraituko dugu, eta pinudi baten barrena doan pista batetik, aldapa bat igoko dugu Elorritxugana mendiraino (726 m). 6,3 km.
Ondoko muinoetatik jarraituko dugu, gure ezkerretara Arriurdin gailurra utzita, eta Eskarrola (704m) eta Mugarrieta (686m) eta Erroiatx (687m) gailurretara iristeko (leku polita hamaiketakoa egiteko) 10,2 km.
Pista batetik jaitsiko gara gailurretatik, eta Onsoño auzora iritsiko gara. Katuxa eta Kurutzealde baserrietatik igaroko gara, eta AP-68 autobideko zubiko zutabeen ondora iristeko (267m). 14,7 km.
Zubitik pasa gabe, gure eskuinera bide bat ateratzen da Altube errekan bukatzen den errekastoaren paraleloan. Hari jarraitu, eta Bergantza auzora iritsiko gara, A-3616 errepidean. Parean, baserri bat dago, xendra baten ondoan, eta handik joango gara, eta baserriaren atzetik, gorantz joango gara AP-68 autobidearen gainera, eta zubira iritsi eta handik gurutzatuko dugu. (295m.) 16,0 km.
Orain, hormigoizko pista batetik jarraituko dugu, eta, Altube errekaren gaineko zubi batetik igaro ondoren, Arabako Baranbio herri txikiraino iritsiko gara. 16,8 km.