EZAUGARRIAK
DISTANTZIA: 13,9 km.
DESNIBELA: +840 m. / – 630 m.
DENBORA: 5 h. aprox.
Gipuzkoako Itzuliaren bigarren etapa honetan, Irungo Mendizaleak elkartearen interpretazioaren arabera (ez dator bat tarte guztietan egungo GR 121 bidearekin), gipuzkoar geografiatik gertuen dauden mugen bila jarraituko dugu, betiere hartzen diren bideek parte-hartzaileentzat arrisku handirik ez badute.
Oraingoan, hasiera batean, Irumugarrieta, Txurrumurru eta Erroilbideko gailurrak hartzea izango litzateke muga naturala, baina, beteranoak garenez, ez gaude neke-lan horietarako, ezta Domikoko Kanal ezagunetik joateko ere (PR Gi 1003), zeren, ibilbide polita izan arren, tarteren batean ez baitu behar den segurtasuna ematen.
Horregatik guztiagatik, lehen etapa amaitu zen tokian hasten da etapa hau, Gorostardin (445). San Antonera doan beheranzko pista hartu behar da. Haren behealdean, Artasoroko errekatik igarotzen da, Irun eta Lesaka arteko muga da erreka. Endarako errekaren pareko pista jarraitu behar da San Antoneko urtegiraino (247), eta, gero, tarte txiki batean, errepidea hartu, eta Aialde jatetxera iritsiko gara xendra batetik.
Handik, pista-xendra batetik jarraituz, Aritxulegiko mendi-lepora iristen da (500), Lesaka eta Oiartzun arteko muga.
Toki horretatik, Gipuzkoa Nafarroatik bereizten duen mugatik jarraitu behar da une oro, eta Errengako gailurretik (786) igaro, nahiz eta gailurrera igo beharrik ez dagoen. Gero, Errengako mendi-lepora (718) jaitsi eta etapako punturik altuenera iristen da, Arritxulagainera (830), Oiartzun, Lesaka eta Goizuetako muga da, eta, aldi berean, Artikutzako lurrekin ere egiten du muga.
Han, Bianditzeko gailurrera joateko aukera dugu (845), Lesakako lurretan barrena. 325 metro dira.
Oiartzunek eta Artikutzak (Goizueta) muga egiten duten eskuinaldeko mendi-lerrotik jarraitu eta Bianditzeko mendi-lepora jaitsi behar da (703).
Errepidea gurutzatu, pista hartu eta Ezkaxeko Guarda-etxeraino (649) jaitsi, hortik jaisten baita Artikutzarantz. Han amaitzen da etapa.